Mari Jose Molina Guerrero
Mari Jose Molina Guerrero | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1951ko otsailaren 17a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Oiartzun, 2018ko abuztuaren 18a (67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Mugimendua | feminismoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Euskadiko Mugimendu Komunista |
Mari Jose Molina Guerrero (Donostia, 1951ko otsailaren 17a – Oiartzun, 2018ko abuztuaren 18a) Irakaslea lanbidez. Militantzi politiko zabalekoa izan zen. Bereziki feminismoaren esparruan nabarmendu bazen ere, oro har gizarte eragile ezkertiar modura jardun zuen bere bizitza osoan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak Granadakoak izan zituen eta aitaren lanbideagatik herrialde batetik bestera mugitzea tokatu zitzaion. Madrilen burutu behar izan zituen batxilergo arteko ikasketak. Donostian berriro, Usandizaga institutuan bukatu zuen batxilergoa eta ondorengo Unibertsitate Aurreko ikasketak ere.[1]
1968. urtean Madrilera bueltan, Zientzia Politikoak ikasten hasi zen soziologiaren espezialitatean. Garai horretan frankismoaren aurkako ikasle mugimenduko kide modura jardun zuen, hain zuzen, 68ko maiatza modura ezagutzen zen mugimendua gori-gori zegoen garaian.[1] Aldi berean, errepresio basatiaren lekuko izatea tokatu zitzaion, tartean Enrique Ruano unibertsitate bereko ikaskidearen erailketa gertatu zenekoa. Salbuespen-egoera ezarri zen, Unibertsitatea itxi zen eta Mari Jose Donostiara itzuli behar izan zuen gurasoek hala eskatuta.
Donostian Zuzenbide ikasketak egiten hasi zen eta ikasle mugimenduan sartuta Doris Benegasekin batera Komunistak[2] izeneko zelula batean hasten da militante modura. Feminismoa eta oro har gizarte konpromisoa izango ditu aurrerantzean bidelagun.
Pariseko erbesteratze eta klandestinitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frankismoaren errepresioaren ondorioz, 1971ean Parisera erbesteratu behar izan zuen bere bikote Luis Alzolarekin batera. Handik hilabete batzuetara, berriro Madrilera itzulita, atxiloketa eta kartzelari aurre egitea tokatuko zitzaien, baita klandestinitatean bizitzea ere. MC Mugimendu Komunistako militante modura jardun zuen lanean hainbat plataformen bitartez.[1]
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Militantzia politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978ean itzuli ziren Euskal Herrira. Mari Jose EMK, Euskadiko Mugimendu Komunista taldeko militante errenteriarra izan zen. Injustizia ororen aurrean borrokatzeko prest agertzen zen beti eta talde eta mugimendu askotan inplikatu izan zen, batez ere feminismoaren aldeko mugimendu zabalean.[1]
Irakasle lanetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979ean Errenteriako Zamalbideko Lanbide Heziketako Institutuan hasi zen lanean. Irakaslea izanda feminismoaren gaia lanerako osagai modura erabili zuen. Hezkidetza, hezkuntza eta lengoaia ez sexista, profesioaren bereizketa eta beste hainbat arlo, ikerketa eta lanketa motibo izan ziren, propio sortutako irakasle taldearentzat.[1] Jarrera berarekin jarraitu zuen, geroago, Usandizaga Institutuko irakasle izatera pasa zenean ere.
Sindikalismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999tik 2003 bitarte STEILAS sindikatuan aritu zen liberatu modura lanean. Doako Eskola Publikoaren aldarria lehen lerroan jarrita, ez zituen beste gaiak baztertu: Feminismoa eta hezkidetza, etorkin ikasleria edo nazio arteko kooperazioa bera.[1] Ildo honetan, aukera izan zuen Parisen (2003) eta Londresen (2004) burututako Europa Foro Sozialetan parte hartzeko. 2000. urteko Emakumeen Mundu Martxan ere, sindikatuan zegoela izan zuen bertan parte hartzeko aukera.
Errenteriako Emakume Taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]80 hamarkadan EMKtik sortu zuten Errenteriako Emakume Taldean[3] integratu zen, bertako militante aktiboa izaten jarraitu zuelarik heriotzak harrapatu zuen arte. Etxebagurenen hitzetan[4] feminismoaren erreferente handia izan zen Mari Jose. Mahai gainean jarri zituzten abortua, genero indarkeria, Estatu Espainiarreko estoldetatik burutu ziren bortxaketak, jaiotza tasen kontrolerako zein sexu arreta zentroak sortzeko beharra bezalako gatazkak eta beste hainbat gai.
Memorandra proiektua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errenteriako mugimendu feministaren historia jasotzeko sortu zen Memorandra[5][6] proiektua eta emakumearen aldeko borrokaren memoria jasotzea du helburu. Honetan ere inplikatu zen Mari Jose. Historiako irakasle izanda, garrantzi handia ematen zion emakumeen bizipenak jasotzeari. Bere ekarpenen artean dago Errenteriako Esmalteria fabrikako emakumeen bizipen eta greben historia jasoaz egindako lana.
Foro Sozialak eta Internazionalismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aktibista modura arlo askotan jardun izan zuen, baita eremu internazionalistan ere. Gerrari ez mugimenduko partaide zen eta baita herri zapalduen aldeko aktibista ere. Palestina, Sahara, El Salvador edo Honduras bezalako herrien laguntzaile. Hondurasekin gainera Heziketa Profesionala laguntzeko proiektua burutu izan zuen.[7]
Laikotasuna taldeko sortzaile
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beti defendatu izan zituen ideia errepublikarrak eta demokratak eta horrek eraman zuen hainbat kiderekin batera Donostian Laikotasuna talde anitza sortzea 2011. urtean. Berak idatzi zuenez[8] Laikotasuna kolektiboa elizaren eta estatuaren arteko bereizketa funtsezko elementutzat ikusten duten pertsona guztien eztabaidarako gunea izateko sortu zen.
Heriotza duinaren defentsa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heriotza Duinaren Defentsarako Elkarteko kide zen Mari Jose.[9] Aske bizi, aske hil leloa berea zuen, eta nor bere heriotzaren jabe izateko eskubidea irmoki defendatu zuen bukaera arte.
Aitortzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- X. Mariasun Landa Saria Eli Etxabegurenek Mari Jose Molinari buruzko lanagatik lortu zuen Emakumeen Begirada Onena saria[10]
- Atotxako Abokatuen saria 2022[11] Movimiento Democrático de Mujeres (1965-1985) kolektiboari eman zitzaion saria, tartean, garai hartako partaide modura, Mari Jose Molinari[12] (2:00.32)
Lurra arin bekizu, laguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2018ko abuztuaren 18an bukatu zuen bizitza Mari Jose Molinak, gaixotasun prozesua aski modu duinean eraman eta gero. Horren lekuko izan ziren bere bikotea Luis Alzola eta Iker eta Aitor seme biak. Laikotasunetik egin zitzaion hileta agurra eta berak hala nahita laikotasunetik azken desioa: Lurra arin bekizu, laguna.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f Erik, Gartzia(e)ko. (2020-03-13). «'Iraganeko aztarna presentea' (Eli Etxabeguren, Mariasun Landa Sariak)» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Células Comunistas. 2022-07-11 (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ ««Indar eta legitimitate handia lortu zuen emakume taldeak»» Oarsoaldeko Hitza 2017-10-09 (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ «'Iraganeko aztarna presentea' (Eli Etxabeguren, Mariasun Landa Sariak)» Oarsoaldeko Hitza 2020-03-13 (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ «Memorandra Proyecto feminista de investigación militante - PDF Free Download» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memorandra recupera la memoria feminista local» El Diario Vasco 2015-04-18 (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) SALAZAR, AYAR. (2020-03-22). ««Marijose Molina fue una mujer que abrió una esperanza de cambio»» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).
- ↑ «La necesaria lucha por la laicidad» Galde 2013-11-21 (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ Casanellas, Pau; Escribano Riera, Daniel. (2012-05-30). «Gizarte-mobilizazioak eta frankismoaren hondar krisia. Euskal Herriaren ekarpena» Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (81): 17–38. doi: . ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2022-06-21).
- ↑ «Bizitza militanteak lehen lerrora, X. Mariasun Landa Sarietan» Oarsoaldeko Hitza 2020-03-07 (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Movimiento Democrático de Mujeres, premio Abogados de Atocha 2022» CCOO Madrid (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
- ↑ Premios Abogados de Atocha 2022. (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).